Molinao erreka auzolanean garbituko dute bihar, Marealta Egunean

Marealta Eguna

Marealta Eguna

Erreka leheneratzea eta sentsibilizazioa lantzea dira Marealta Egunaren helburu nagusiak

Bihar, 09:00etan, Azokan. Biltzeko ordua jarrita dago auzolanera animatzen diren guztientzat. Marealta Eguna egingo dute bihar antxotarrek, ohi denez, Molinao errekan urtean zehar pilatutako zakarra bertatik atera asmoz.
Ekimena irekia da eta antolatzaileek parte hartzeko deia zabaldu dute, «eskuz esku lan eginez Molinao erreka edo Marealta sasoi batean zegoen bezala, garbi-garbi egon dadin lortzeko», esan dute.
Urteetan erreka bazterrean pilatutako industria jarduera desagertuta, Molinao erreka berez leheneratzen doala zabaldu dute antolatzaileek. «Goroldioa hazi da nonahi, eta ohikoak diren korrokoiez gain, hainbat arrain espezie eta molusku ere bizi dira dagoeneko errekan», azaldu dute.

Aitzitik, herritarren urteetako ohitura txarrek bere horretan diraute eta hesiak, gurpilak, etxetresna elektrikoak eta bestelako zakarrak topatzen dituzte urtero Marealta Egunean. Horregatik, erreka garbitzeaz gain, herritarrak sentsibilizatzea ere bada helburua. «Erreka, Antxoko zati denez, ezinbestekoa da hura zaindu eta ez zikintzea», nabarmendu dute antolatzaileek.
Lantaldeetan antolatu eta 13:00ak bitartean ariko dira garbiketa lanetan. Ondoren, sardina jatea izango da auzolanean ariko diren guztientzat. Ohi denez, Katuen Etxadiko zubi berrian erreko dituzte sardinak.
Laguntzaileak

Molinao erreka garbitzea Espainiako Sustapen Ministerioari dagokio, itsasertzeko legea dela medio. Ministerio horrek, ordea, ez du erreka garbitzen, eta horregatik hartu dute herritarrek erreka garbitzeko ekimena.
Ekimenak, baina, herriko hainbat denda, taberna eta elkarteren laguntza du, baita udalarena ere. Zentzu horretan, alkatea eta Ingurumen eta Zerbitzuetako zinegotzien jarrera eskertu dute antolatzaileek, «ahal duten neurrian laguntza eman dutelako».
Esan dutenez, Pasaiako Portura ere jo dute laguntza eske, baina, oraingoz ez dute haien aldetik erantzunik jaso. Horrez gain, Luzuriagako etxebizitzen lanen ondorioz Marealtan isuriak izan direla salatu dute Marealta Egunaren antolatzaileek, eta horiek konpontzeko eskatu diete arduradunei.

Etiketak: ,

Gaurko eskaintza
argazkia
República Monegría garagardoak
34,20 €

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)