Arrandegietan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatu dute

2012/06/22
Nork

Txarteltxoak eta panelak banatuko dizkiete arrainketariei, eta errezeten lehiaketa jarriko dute martxan

Arrandegietan jarri du indarra  aurten Euskara Oarsoaldeko Merkataritza egitasmoak, eta urte osoan ariko da establezimendu horietan euskararen erabilera sustatzeko lanean. Horren barruan, bi ekimen berezi jarriko dituzte martxan aurten.
Hala iragarri zuten atzo Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak, Errenteriako zinegotzi Irune Balentziagak, Lezoko zinegotzi Garazi Cuestak eta Oiartzungo zinegotzi Asier Legorburuk, Trintxerpeko Azokan eman zuten prentsaurrekoan.
Batetik, arrainketariei arrandegietako hemezortzi produktu ohikoenekin prezioak jartzeko PVC txarteltxo bereziak banatu dizkietela iragarri zuten. Txarteltxo horiek dagokion arrainaren irudia, euskarazko izena eta salneurria jartzeko hutsune bat izango dute.
Txarteltxoez gain, arrainen irudiak eta izenak azaltzen dituen panel handi bana ere banatuko diete arrainketariei.
Txarteltxoak eta panelak eskuratu nahi dituzten arrandegiek beren herriko euskara zerbitzura jo behar dute horiek eskatzera.
Errezeta lehiaketa

Kanpainak, arrainketariengan ez ezik, arrandegietako bezeroengan ere eragin nahi du. Hori dela eta, udazkenerako errezeta lehiaketa antolatuko dutela iragarri dute. Urriaren 1etik 31ra, arrandegietako produktuak erabiliz egindako euskarazko errezetak jasoko dituzte salgaien izenak euskaraz jarriko dituzten arrandegietan.
Bezeroek kartazal batean sartu beharko dute errezeta, gainean egilearen izen-abizenak eta telefono zenbakia jarrita. Eskualdeko lau herrietako gastronomia elkarte banako sukaldariek osatutako epaimahaiak hautatuko ditu errezeta irabazleak. Lau sari banatuko dituzte, herri bakoitzeko bana. Herri bakoitzeko irabazleak, errezeta entregatu duen arrandegian erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela eskuratuko du.
Eskualdean dauden 39 arrandegietatik 32k adierazi dute parte hartzeko asmoa eta izena eman ez dutenek badute oraindik hori egiteko aukera.
Hizkuntza paisaia

Oarsoaldeko udalek hamabost urte inguru daramate merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzen. Bide horretan hizkuntza paisaiak duen garrantzia nabarmendu zuten, hizkuntzak duen estatusaren berri emateaz gain, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko duelako.
1omitxelena@hitza.info

Etiketak: ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Posada El Campo landetxea
42,00 €

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)