Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Pasaia
2008ko urriak 7, Asteartea

Azken ordukoak

2008-10-07 | 12:03:50

Portu Agintaritzak eta Aldundiak kanpo kaiarako sinatutako hitzarmena eztabaidagai izango da bihra, EBren ekimenez

EBren iturrietatik jakinarazi dutenez, bihar, Batzar Nagusietan, Portu Agintaritzak eta Aldundiak kanpo kaiarako sarbideen azterketarako sinatutako hitzarmena eztabaidai izango da, haien ekimenez. EBren arabera, aipatu hitzarmenak ez ditu kontuan hartzen tamainako proiektu batek aurrera egin dezan aldez aurretik eman beharreko pausuak. "Hitzarmenak alde bakar batek hartutako erabakiaren isla da, herritarrei eta inguruko udalerriei inposatutakoa". Horrez gain, behar bezala aztertu gabeko egitasmoa dela iritzi dio EBko batzarkide Arantza Gonzalezek.

Ez du erantzunik

2008-10-07 | 11:19:10

Santurtziko hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Anezkak

Lehengo igandean Santurtzin hildako emakumearen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko Anezkak, San Pedroko eta Trintxerpeko emakume taldeak. Hitzordua 19:30erako jarri dute, Serafin Esnaola plazan.

Ez du erantzunik

Kultur eta kirol munduko pertsona ezagunek Luzuriagako kulturgunearen egitasmoari atxikimendua agertuko diote

2008-10-06 | 12:24:51

Kultur eta kirol munduko pertsona ezagunek Luzuriagako kulturgunearen egitasmoari atxikimendua agertuko diote

Kirol eta kultur munduko itzal handiko pertsonak Luzuriagan kulturgunea eraikizearen alde agertuko dira etzi, argazki baten bidez. Antxotarrok Historia Mintegia Luzuriagako Bulegoen Eraikinaren mantentzaren alde egiten ari den lanaren baitako ekimena izango da. Erromerian 200dik gora lagun Historia Mintegiko kideek, bestalde, kontentu agertu dira lehengo ostiralerako Tapia eta Leturiarekin antolatu zuten aldarrikapen erromeriak izan duen harrerarekin. Jakinarazi dutenez, 200dik gora lagunek hartu zuten parte.

Ez du erantzunik

Luzuriagako kulturgunearen aldeko ’Erromeria Latza’, gaur, Tapia eta Leturiarekin

2008-10-03 | 09:54:11

Luzuriagako kulturgunearen aldeko 'Erromeria Latza', gaur, Tapia eta Leturiarekin

Egunerako propio sortutako abestia kantatuko dute

Antxotarrok Historia Mintegiak antolatuta Tapia eta Leturiarekin erromeria izango da gaur, Antxon. Luzuriagako Bulegoen Eraikinean kulturgunea egin dezaten eskatzeko antolatutako aldarrikapen festa da gaurkoa. Ekimenak 19:00etan hasiko dira. Ordu horretan Tapia eta Leturia, herriko trikitilariak lagun, kalejiran irtengo dira Zumarditik Luzuriagara bidean. Hara iristean historia mintegiko kideek Luzuriagaren alde egin dituztenen berri emango dute. Festak gauean izango du jarraipena, Gure Zumardian, erromeriarekin. Agertokiaren ondoan informaziorako karpa bat jarriko du Historia Mintegiak, eta ekimenaren aldeko sinadurak emateko aukera izango da baita ere.

Ez du erantzunik

2008-10-01 | 13:09:30

Itsas Etxean 731.500 euro inbertituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gizarte bazterketa sufritzen duten pertsonentzako instalakuntzak hobetuko dituzte diru horrekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak 731.512,84 euro inbertituko ditu Pasaiako Itsas Etxeko instalakuntzak hobetzeko. Gizarte bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskua duten pertsonen balorazioa eta diagnosia egiten dute Itsas Etxean.

Ez du erantzunik

Gobernu Taldeak ’planto instituzionala’ egin du udalbatzarrean

2008-10-01 | 09:46:04

Gobernu Taldeak 'planto instituzionala' egin du udalbatzarrean

Zutik zinegotziak, eta oposizioaren galderei alkatearen erantzunik ez. Ez eta alkatearen gestioen berri. Hala egin du "salbuespen egoerarengatik" protesta gobernu taldeak Pasaian. Atzo iluntzean egin zuten udalbatzarrean, ezker abertzaleko hautetsiek lehengo ostiraleko plenora joan ez ziren oposizioko alderdietako kideei orduan zabaldutako mezu bera helarazi nahi izan zien 'planto instituzionalaren' bitartez. "Euskal Herrian demokraziarik ez" dagoela, eta "autodeterminazio eskubidean oinarrituko den marko berri baten aldeko lanean" jarrituko dutela berretsi zuten ezker abertzaleko hautetsiek.

Erantzun 1

2008-09-30 | 15:24:47

Portuak urertzen mantenuan duen jokabidea salatu du Bonantzak

Bonantza Auzo Elkarteak Donibaneko urertzen egoera salatu du beste behin. Portu Agintaritzak «mantenuari muzin» egiten diola diote bizilagunek. Era berean, Udalak gaiarekiko duen jokabidea salatu dute. Bizilagunen ustez, «Udal Gobernua edozein dela ere, ondarearen hondatzearen lekuko pasiboa izatearekin konformatu eta dagokionari beren betebeharrak exijitzeari uko» egiten dio. Horrek, egoeraren «konplize» bihurtzen du Udala, Auzo Elkartearen arabera. 2004an ekin zion Bonantza Auzo Elkarteak barrutiko urertzen egoera salatzeari. Auzo Elkartearen arabera, itsasora ematen duten eskailerak, arrapalak eta ontziralekuak herriko ondarearen zati dira. XVI. mendekoak diren elementu hauen guztien egoera, aldiz, gero eta okerragoa da. Portuak du horiek mantentzeko ardura, baina, horiek konpontzeko baino, Portuak horiek desagertarazteko asmoa azaldu du orain baino lehen. Arartekoaren bitartekaritza eta 700 bizilagunen babesa Orain dela bi urte Arartekora jo zuen Auzo Elkarteak, eta baita haren bitartekaritza lortu ere. 700 bizilagunen babesa lortu zuten baita ere, sinadura bilketa bidez. Aitzitik, urertzen egoera gero eta okerragoa dela eta aurrerapusurik ez dela izan salatu du

Ez du erantzunik

2008-09-27 | 12:57:48

EAE-ANVk ilegalizaziori buruz aurkeztutako mozioa aurrera atera da

Oposizioko taldeak ez ziren plenoan joan

Ez ohiko udalbatzarra izan zen atzo iluntzean Pasaian, EAE-ANVk EHAK eta beren alderdiaren ilegalizaiori buruz aurkeztutako mozioa eztabaidagai. Oposizioko alderdiak ez ziren udalbatzarrera joan, besteak beste, "liskarrak" sortzeko deitutako plenoa zela argudiatuta, eta honenbestez aldeko 7 botorekin, ilegalizazioa salatzen duen mozioa onartu egin da. Udalbatzarraren bukaeran manifestazion bildu ziren plenora joan ziren herritarrak.

Ez du erantzunik

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.