
Erromesentzako etxe bat egin nahi dute Donibanen
DonibaneSanta Ana baselizaren ondoan dagoen etxean 16-18 erromesentzako aterpea prestatu nahi dute
nagore vega
Pasai Donibanen Santiago Bidea egiten duten erromesentzako aterpetxe bat ireki nahi dute, Santa Ana baselizaren ondoan dagoen etxean. Aterpeak 16-18 lagunentzako tokia izango du. Ekimenaren sustatzaileak aterpetxea egin dadin gogor ari dira lanean.
Badira urte batzuk Gipuzkoako Santiago Bidelagunen Elkarteak Donibanen aterpetxe bat prestatzeko ideia buruan duela. Elkarteko kide den Satur Telletxea sanjuandarra asteazkenero egoten da Itsas Mendi Elkartean, erromesei informazioa eta kredentzialak banatzen. Berak azaldu du aterpetxearen ideia nondik datorren: «Kostaldeko Santiago Bidea Pasaiatik igarotzen da, Irundik abiatzen diren erromesek Donibanetik pasatu behar dute Donostiara iristeko. Erromes asko bidean nekatzen dira, edo ez dute nahi Donostiaraino joan. Baina Donibanen ez dago eurentzako lekurik».
Proiektua martxoan aurkeztua
Buruko ideia egi bihurtzeko asmoz, aterpetxea jartzeko leku aproposaren bila hasi zen Telletxea. Herriko apaizari ere galdetu zion tokirik ba ote zuen. Orain arte hainbat erromes bere etxean bertan hartu ditu. Santa Ana baseliza atzeko etxea bisitatu ostean, toki ona izango litzatekeela ondorioztatu zuen azkenean. Udalarena zela jakin zuen eta Udalarekin harremanetan jartzea erabaki zuen, Gipuzkoako Santiago Bidelagunen Elkartearen laguntzarekin.
Martxoan aterpetxearen proiektua aurkeztu zuten Udalean. Etxea nolakoa izango litzatekeen erakutsi zieten, egin beharreko konponketa lanak zein izango liratekeen azaldu zuten eta garbiketak nolakoa izan behar lukeen zehaztu. Udalak proiektua jaso zuen, baina ezer gutxi gehiago dakitela dio Telletxea sanjuandarrak: «Udalak dio dena ondo doala, baina ni, esaterako, urduri nago, ea noiz hasten diren lanean, badugu eta gogoa; dena den, badakigu gauza horiek motel joaten direla».
Telletxeak adierazi duenez, zinegotziek agian lanerako gazteak hartuko zituztela esan zieten, sustapen lanak egiteko. «Egingo dutela segurua da», agertu du Telletxeak.
Telletxea itxaropentsu dago, eta lanak sei hilabete edo, gehienez, urtebetean hasiko dituztela espero du. Gustatuko litzaiokena zera da, aterpetxea datorren urteko udaberrian erabilgarri egotea.
Aterpetxearen ezaugarriak ere azaldu dizkio Satur Telletxeak OARSOALDEKO OARSOALDEKOri: «Aterpertxeak, gutxi gorabehera, sei litera izango ditu, hamabi bat ohe alegia; bi komun izango ditu, eta arropa garbitu ahal izango dute».
Bideko zerbitzuak prestatzen
Satur Telletxeak hainbat aldiz egin du Santiago Bidea. Badira urte batzuk Gipuzkoako Santiago Bidelagunen Elkarteko kide dela, gainera. Elkartea Donostian biltzen da eta bidea prestatzen jarduten dute. Gipuzkoako bideetan beharrezkoak diren zerbitzuak prest izatea de euren helburua.
############
aterpetxearen ezaugarriak
Oheak. Aterpetxeak 16-18 lagunentzako tokia izango du. Sei litera egongo dira beheko pisuan, hamabi ohe, alegia. Beharrezkoa balitz, ganbara egokituko lukete, lurrean koltxoiak jarriz.
Komuna. Aterpetxeak bi komun izango ditu eta beste hainbeste dutxa.
Sukaldea. Sukalderik ez du izango aterpetxeak, baina bai jateko prestatutako gune bat, mahai eta aulkiekin. Aukera badago, mikrouhin labea jarriko dute janaria berotzeko.
Arropa. Erromesek arropa garbitzeko ikuzgailua izango dute.
############
deialdiak
Santiago bideari buruzko informazioa eta peregrinatzaileen kredentzialak
PASAIA, Donibanen - 2008-04-01
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.